Ikasle eta gurasoentzako eskutitza

2020ko apirilaren 3an

Ikasle eta guraso agurgarriak,

Hasteko, garrantzitsuenari helduz, espero dugu denok osasunez ondo egongo zaretela. Inork gutxik espero zezakeen halako egoera bat biziko genuela baina tira, hala suertatu da, eta inoiz baino baikortasun handienarekin aritzeko garaiak tokatu zaizkigu.

Ikasle/guraso zaren heinean oso konziente gara garai honetan guztian egiten ari zaren egokitze ahalegina. Ildo honetan, Hezkuntza estamentu ezberdinetatik (derrigorrezko hezkuntzako ikastetxetik, musika/dantza eskolatik, hizkuntza eskolatik…) telematikotasun erauntsia jasaten ari zarete eta honek ziurrenik era bateko edo besteko neke eta estresa sortuko zituen. Konziente gara modu berean, etxean eduki zenitzaketen baliabide edo baldintza teknologikoak ez direla nahikoa etxeko kide guztiek uneoro jarduera ez-presentzialari erantzun ahal izan diezaioten (jarduera profesionala, haur/gaztetxoen ikastetxeko zereginak etab.), edota baita musika instrumentu jakinen falta edo mugimendurako nahikoa espazio ez duzuela ere. Egoera hauek guztiak jaso eta irtenbide bat ematen saiatu gara, eta sor dakizkizuekeen “arazo” berrien jakinaren gainean jar gaitzazuen gure ateak zabalik dituzue.

Guri dagokigunez Musika eta Dantza Eskolatik ere ahalegin handia egin dugu gure hezkuntza eskaintza eremu telematikora lekualdatu eta ahalik eta normaltasun zantzu handienekin jarduteko. Zorionez, arestian aipaturiko baikortasunetik, asko ikasteko aukera ere eman digu. Bestela izan ezin zitekeen moduan, dagokizuen zerbitzua jaso dezazuen lehenetsi dugu, jakinik ondoren egoerak egoera horri heltzeko erraztasun, lehentasun edo egokiera ezberdinak egon zitezkeela. Oso pozgarria izaten ari da etxeko ateak irekiz zuen eguneroko artistikoen berri bideo bidez jakitea, eskolako sare-sozialak horren lekuko! Bejondaizuela! Zuen bideoak irakasleekin parteka ditzazuen animatzen zaituztegu.

Hezkuntza Sailak ez ditu oraindik 3. hiruhilekorako irizpideak finkatu baina argi dago amaitu berri dugun bidetik ekingo diogula berriz ere. Gradu Profesionala burutzen ari zareten ikasleen kasuan (6. mailakoek batik bat), lasai hartu, ahalik eta gehien treba zaitezte eta Gradu amaierako azterketa-egutegi eta Goi-mailako eskolen sarrera-frogen inguruko berriak eduki bezain pronto jakinaraziko dizkizuegu.

Amaitze aldera, Hezkuntza eta gizarte ikuspegi orokor batetik elkar zaintza inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu nahi genuke, dela etxekoen artean, baita gu barne-hartuz irakasle-ikasle harremanean ere. Guztion ekarpenarekin eramangarriagoa egingo zaigu eta guk horretan gure aletxoa jarri nahi genuke.

Edozein zalantza, iradokizun edo laguntza behar izatekotan, ez zalantzarik egin eta jarri gurekin harremanetan.

Eutsi goiari, gora bihotzak!

Errenteriako Musika eta Dantza Eskola

Comments are closed.